Olarrizu - Estatutoak
ZER DA OLARRIZU? ESTATUTOAK 2015-16 BETEBEHARRAK ZURRIOLA - 25 URTE JON URBIETA
LEHENENGO KAPITULUA
IZENA
1.-
artikulua.- 1996ko Urriaren 21ean inskribaturiko eta Erregistro zenbakia AS/G/06288/1996 duen irabazteko asmorik gabeko ZURRIOLA IKASTOLAKO “OLARRIZU” IKASLEEN GURASO ELKARTEA estatutuak elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa, eta, Eusko Legebiltzarrak onartutako ekainaren 22ko 7/2007 Euskadiko Elkarteen Legean eta 66/1987 Dekretua, otsailaren 10ekoa, Euskadi Autonomia Erkidegoko Ikasleen Gurasoen Elkarteak arautzen dituena ezartzen denaren arabera izan dira aldatuak eta gaurkotuak 2008ko azaroaren 5ean egindako ez ohizko Batzar Orokorrean.
Aldatutako elkarteak honako araubidea izango du: aipatutako arauak, estatutu Hauek berak (Legearen aurkakoa ez badira), bere Zuzendaritza Batzordeak behar bezala hartutako erabakiak (Legearen edota estatutuen aurkakoak ez badira) eta Eusko Jaurlaritzak xedatzen dituen arauak (azken hauek osagarri besterik ez dira izango).
ELKARTEAREN HELBURUAK
2.-
artikulua.- Elkarte honen helburuak honako hauek dira:
-
Gurasoak eta tutoreak bideratzea, animatzea eta laguntza ematea beren seme/alaben eta tutoretzapekoen hezkuntzari dagokion guztian.
-
Ikastetxearen hezkuntza-jardueretan lankidetza eskaintzea.
-
Ikasleen gurasoek ikastetxearen kudeaketan parte har dezaten sustatzea.
-
Guraso eta ikasleen onerako heziketa-ekintza osagarriak antolatzea.
-
Euskararen erabilera bultzatzea ikasleen artean ez ezik guraso eta tutoreen artean ere.
Aurreko idatz-zatian azaldutako jarduerak, gorabehera, elkartea, bere xedeak betetzeko, honako hauek egin ahalko ditu:
- Helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatu.
-
Era guztietako ondasunak edozein tituluren bidez eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintzak eta kontratuak Egon.
-
Nolanahiko ekintzak burutu, betiere legeekin eta Estatutuekin bat etortzekotan.
ELKARTEAREN EGOITZA
3.- artikulua.- Elkarte honen egoítza “ZURRIOLA IKASTOLA I.K.E.” ren “URRA” egoitzan helbideratuta egongo da:
Kalea Indianoene zk.: 5. Herria: Donostia (20013).
Elkarteak beste lokal batzuk ere eduki ditzake Autonomia Erkidegoan, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu.
LURRALDE-EREMUA
4.- artikulua.- Elkarte honek nagusiki lurralde-eremu honetan gauzatuko ditu bere zereginak: “ZURRIOLA IKASTOLA I.K.E.” ren Donostiako egoitzetan.
IRAUPENA ETA DEMOKRAZIA-ARAUAK
5.- artikulua.- Elkartea iraunkorra izateko eratu da, eta IV. Kapituluan esaten den bezala ezohiko batzar orokorrean hartutako erabaki bidez baino ezin da desegin, edo legeetan aurreikusitako arrazoiren batengatik.
Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua demokratikoa izango da, eta pluraltasuna erabat errespetatuko da. Erabat deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako edozein betetzen ez duten itunak, estatutu-xedapenak eta erabakiak.
BIGARREN KAPITULUA
AGINTE ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK
6. artikulua.- Elkartearen agintea eta administrazioa kide anitzeko organo hauen esku egongo da:
-
Bazkideen Batzar Orokorra izango da organo gorena.
-
Zuzendaritza Batzordea izango da kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.
BATZAR OROKORRA
7. artikulua.- Batzar Orokorra bazkide guztiek osatzen dute, eta organo honen bidez adierazten dira bazkideen nahiak.
Batzar Orokorraren ahalmenak:
a)
Elkartearen jarduera-plan orokorra onartzea.
b)
Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertu eta onartzea.
c)
Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartze.
d)
Estatutuak aldatzea
e)
Elkartea desegitea
f)
Lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta kide anitzeko aginte-organoko gainontzeko kideak, baldin badaude, izendatzea eta kargutik kentzea.
g)
Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietatik ateratzea.
h)
Ondasun higiezinak erabili edo besterentzeko erabakiak hartzea.
i)
Aginte-organoko kideei ordaindu egin behar zaiela erabakitzea.
j)
Kuota arruntak eta bereziak ezartzea. Ahalmen hau, hala ere, Batzar Orokorrak egite-organoari eskuordetu diezaioke horretarako bereziki hartutako erabakiaren bidez.
k)
Bazkideak behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea.
l)
Beste organo sozialen bat esleitu gabeko beste edozein eskumen.
8.- artikulua.- Batzar Orokorrak ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egingo ditu.
9.- artikulua.- Batzar Orokorrak gutxienez urtean behin egin beharko du ohiko bilkura. Lehenengo edo bigarrengo hiruhilekoan izango da, 7. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan zehaztutako erabakiak hartze aldera.
10.-artikulua.- Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean bilduko da bilkura berezian, bere ekimenez edo bazkideen % 12ak eskatu duelako. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dira baina, nolanahi ere, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko, bilkura berezia egingo da:
a) Estatutuak aldatzeko
b) Elkartea desegiteko
11. artikulua.- Batzar Orokorra biltzeko deialdiak idatziz egin behar dira, eta bilkurak egingo diren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, bai eta ai-zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen zehatzarekin. Deialdia egiten denetik gutxienez hamabost egun pasatu beharko dira bilkura lehen deialdian egiteko. Hala badagokio, bigarren deialdiaren data eta ordua ere adieraz daitezke. Dena dela, deialdi batetik bestera gutxienez ordu erdiko tarte utzi beharko da.
Batzar Orokorrak, arruntak nahiz bereziak, lehenengo deialdian balio osoz eratuta geratuko dira botoa emateko eskubidea duten elkartekideen herena bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten elkartekideen kopurua edozein dela ere.
12.-artikulua.- Batzar Orokorraren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, hau da, bertaratuen nahiz ordezkatuen baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Alabaina, bertaratuen edo ordezkatuen gehiengo kualifikatua beharko da (balezko botoak baliozko botoen erdia baino gehiago izatea, alegia) erabaki hauek hartzeko:
a)
Elkartea desegitea.
b)
Estatutuak aldatzea.
c)
Ondasunak erabili edo besterentzea.
d)
Ordezkaritza-organoko kideei ordaintzea.
13. artikulua.- Bazkideek beste edozein bazkideren esku utzi dezakete batzar orokorretara joateko ordezkaritza. Ordezkaritza hori idatziz eskuordetu beharko da, eta Batzarreko idazkariari eman bilera baino gutxienez 6 ordu lehenago. Elkartearen egoitza dagoen herritik kanpo bizi diren bazkideek ordezkaritza beste norbaiten esku uzteko agiria postaz bidali dezakete.
ZUZENDARITZA BATZORDEA
14. artikulua.- Zuzendaritza Batzordea da Batzar Orokorraren xedapen eta zuzentarauei jarraikiz elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatzen dituen organoa. Çelkartekideek baino ezingo dute osatu ordezkaritza-organoa.
Zuzendaritza Batzordea osatuko dutenak honakoak izango dira:
Lehendakaria, idazkaria eta diruzaina.
Gutxienez, hilabetean behin bildu beharko dute, bai eta, elkartearen jarduerak bideratzeko beharrezkoa den guztietan.
15. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideren bat bilera horietara hiru aldiz jarraian, edo tarteko sei aldiz agertzen ez bada, dagokion kargua utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.
16. artikulua.- Batzar Orokorrak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak. Kargu horiek 3 urterako izendatuko dira, Batzordeak berariaz baliogabetu ezean. Kargudun berbera behin eta berriro hautatu ahal izango da.
17. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, ezinbestean baldintza hauek bete beharko dira:
a)
Adin nagusikoa izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta indarrean dauden legeetan bildutako bateraezintasun-arrazoirik ez izatea.
b)
Estatutuetan aurreikusitako moduan izendatua izatea.
c)
Elkarteko bazkidea izatea.
18. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, lehendabizi, Batzorde Nagusiak izangaia hautatu behar du eta, gero izendatu horrek kargua onartu behar du.
Zuzendaritza Batzordeko kideen dieta eta gastuak ordaintze erabaki dezake Batzar Orokorrak.
19. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideek kasu hauetan utziko dituzte karguak:
a)
Aginte aldia bukatzen denean.
b)
Dimititzen baldin badute.
c)
Bazkide izateari uzten diotenean, edo kargua betetzeko ezintasun-arrazoiak dituztenean.
d)
Estatutu hauetako 16. artikulua aplikatuz, Batzar Orokorrak kargua baliogabetzea erabakitzen duenean.
e)
Hiltzen baldin bada.
a) idatz-zatian agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute lehengo batzar orokorra egin arte. Batzar horretan aukeratuko dira kargudun berriak.
b), c), d) eta e) idatz-zatietan agertzen dena baldin bada arrazoiak, hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behingoz izendatuko du Zuzendaritza Batzordeak, eta Batzar Orokorrak erabakiko du izendapena onetsi ala ez. Ezetsi egiten badu, behar diren kargu izendapenak egingo ditu.
Organo honen osaeran egiten diren aldaketa guztien berri emango zaio Elkartearen Erregistroari.
20. artikulua.- Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen zereginak:
a)
Elkartearen eguneroko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideekin bat etorriz eta haren kontrolpean.
b)
Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egite.
c)
Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari aurkeztea, hark onar ditzan.
d)
Batzar Orokorraren bileretako gai-zerrendak egitea, eta ohiko nahiz ezohiko batzar orokorretarako deialdiak egitea erabakitzea.
e)
Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta horien inguruan hartu beharreko neurriak hartzea.
f)
Estatutu hauetako aginduak interpretatzea eta Estatutuetako hutsuneak betetzea, betiere elkarteen inguruan indarrean dauden legeekin bat etorriz.
g)
Batzar Orokorrak berariazko erabakien bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.
21. artikulua.- Zuzendaritza Batzordearen bilkurak lehendakariak erabaki edo batzordekide batek eskatzen duen bakoitzean egingo dira. Bilkurako buru lehendakaria izango da, edo, bertan ez balego, lehendakariordea, eta horien faltan, batzordekide zaharrena.
Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak izate, biltzen diren batzordekideen gehiengoak aldeko botoa eman behar du. Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon beharko du bilkura. Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren kalitatezko botoa izango da erabakiko duena.
Idazkariak bilera-aktak egingo ditu eta akta horiek gero dagokion liburuan transkribatuko dira.
KIDE BAKARREKO ORGANOAK
LEHENDAKARIA
22. artikulua.- Lehendakariak beregain hartu du elkartearen legezko ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak gauzatuko ditu. Era berean, aipaturiko bi organo horietako lehendakaria izango da.
23. artikulua.- Lehendakariak honako hauek denak egiteko ahalmena izango du:
a)
Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilera-deiak egin, bilerak bukatutzat eman, bileretan sortzen diren eztabaidak bideratu, eta boto-berdinketa gertatuz gero kalitate-botoarekin erabakitzea.
b)
Elkartearen ekintzen egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea eta elkartearen zereginak bultzatu eta bideratzea.
c)
Baliozko erabakitako ordainketak egiteko agintzea.
d)
Sortzen diren premiazko arazoak konpontzea, eta egiten den lehenengo bilkuran Zuzendaritza Batzordeari horren berri ematea.
e)
Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.
IDAZKARIA
24. artikulua.- idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak jaso eta izapidetzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, eta Akta Liburuaren eta Idazketaren ardura izatea.
Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko xedapenak betetzeaz arduratuko da, erakundearen agiri ofizialak azalduz, elkarteko liburuen eta artxiboen edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordeko izendapenen eta egoitza sozialaren aldaketen berri emateko egin beharreko jakinarazpenak eginez agintari eskudunari.
DIRUZAINA
25. artikulua.- Egindako diru-sarrera eta ordainketen berri emango du diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Horiek guztiak Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu behar dizkio, eta horrek Batzar Orokorrari, hark onartu ditzan.
HIRUGARREN KAPITULUA
BAZKIDEAK: ONARTUAK IZATEKO BALDINTZA ETA PROZEDURAK
26. artikulua.- Elkartekide izan nahi eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona guztiak izan daitezke elkarteko bazkide:
-
Seme-alaba edo ardurapekoa ikastetxean eskolatua izatea.
-
Adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua izatea, norberaren eskubideak erabiltzeko inolako lege-baldintzaren menpe ez egotea eta ebazpen judizial irmoaren bidez eskubideen erabilera mugatuta ez edukitzea.
27. artikulua.- Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu beharko dio lehendakariari bere eskabidea, bi bazkideren sinadurarekin. Lehendakariak eskaeraren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta horrek erabakiko du eskabidea egin duena elkartean onartu ala ez. Erabakiaren aurkako gorako errekurtsoa jar dakioke Batzar Orokorrari.
BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
28. artikulua.- Elkarteko bazkide guztiek honako hauek denak egiteko eskubidea dute:
1)
Elkarteei buruzko Legearen edo Estatutuen kontrako erabaki eta jardunak inpugnatzea, inpugnatutako erabakiaren edukia ezagutu duten edo ezagutzeko aukera izan duten egunetik egutegiko 40 eguneko epean.
2)
Elkarteko gobernu eta ordezkaritza-organoen osaera, elkartearen kontu-egoera eta elkartearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.
3)
Elkarteko beste bazkideen nortasuna, diru-sarreren eta gastuen egoera, eta elkartearen ekintzen garapenaren berri edozein unetan izatea, datu pertsonalak babesteko arautegian aurreikusitako moduan.
4)
Batzar orokorretarako deiak jasotzea, batzar orokorretara joan eta hitz egin eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste bazkideren baten esku utzi ahal izatea.
5)
Elkartearen Estatu hauen arabera, elkartzeko zuzendaritza-organoetan parte haratzea eta organo horietarako hautatzaile nahiz hautagai izatea.
6)
Indarrean dauden legeetan zehaztutako bazkideen fitxategian agertzea, eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzea.
7)
Estatuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza-organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea.
8)
Elkartearen talde-ekintza sozialetan parte hartzea, eta bazkideentzako tresnak erabiltzea (elkartearen egoitza, liburutegiak, eta abar).
9)
Bazkideari diziplinazko neurriak ezarri aurretik, bazkideak idatziz adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruzko azalpenak jasotzea. Neurriak hartzeko arrazoiak bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean soilik oinarritu daitezke.
10)
Edozein unetan baja ematea. Hala ere, hartu bai baina bete gabe dituzten konpromisoak bete beharko dituzte.
29. artikulua.- Bazkideen bete beharrak hauek dira:
a)
Elkartearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek betetzen laguntzea.
b)
Kuotak, derramak eta Estatutuen arabera bazkide bakoitzari dagozkion bestelako ekarpenak ordaintzea.
c)
Estatutuetatik eratorritako bestelako betebeharrak betetzea.
d)
Elkarteko zuzendaritza-organoek balioski hartutako erabakiei men egin eta erabaki horiek betetzea.
BAZKIDE IZATEARI UZTEA
30. artikulua.- Bazkide izateari uzteko arrazoiak honakoak izango dira:
1.
Seme-alaba edo ardurapekoa ikastetxea uzten badu.
2.
Hil egitea.
3.
Bazkidea bere borondatez joatea.
4.
Zuzendaritza Batzordeak elkartetik bidaltzeko zigorra ezartzea, arrazoi honengatik: Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak balioski hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausteagatik.
ZIGOR ARAUAK
31. artikulua.- Bazkideek behin eta berriz hausten badituzte Estatutuak edo Bazar Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak, Zuzendaritza Batzordeak bazkide horiek zigortu ahal izango ditu.
15 egunetik hilabetea bitarte eskubideak kentzetik elkartetik betiko kanporatzea izan daiteke zigorra, ondorengo artikuluek adierazitako moduan.
Horretarako, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa gin dadila erabaki dezake lehendakariak. Ikerketaren instrukziogilea idazkaria izango da, eta berak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari hartu beharreko neurriak.
Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, idazkariak ez du horretan parte-hartzerik izango (instrukziogilea delako), eta zigorra ezarri aurretik interesdunari entzunaldia eskainiko zaio. Zigortzeko erabakia arrazoitu egin beharko da beti, eta erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri ahalko zaio Batzar Orokorrari.
32. artikulua.- bazkideren batek elkartetik kanporatua izateko moduko ustezko egintzaren bat egiten badu, hau da, Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak balioski hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausten baditu, gertaeren berri izatearren, lehendakariak idazkariari agindu diezaioke aurretiazko eginbide zehatz batzuk egin ditzala, behar den informazio jasotzeko. Eginbide hirek ikusita, lehendakariak jarduerak artxibatzeko agintzea edo elkarterik kanporatzeko zigor-espedienteari hasiera ematea erabaki dezake.
33. artikulua.- Elkartetik kanporatzeko zigor-espedientea hasten bada, idazkariak, gertakariak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio interesdunari, leporatzen zaizkion karguen berri emateko. Kargu horiei erantzuteko, interesdunak bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilkurako gai-zerrendan sartuko da kasua, eta Batzordeak hartuko du erabakia. Erabakian ez du parte hartuko espedienteko instrukziogilea izan den idazkariak.
Elkartetik kanporatzeko erabaki interesdunari jakinaraziko zaio eta, era berean, hurrengo ezohiko batzar orokorrean errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Hiru hilabeteren barruan batzar horretarako deirik egiten ez bada, errekurtsoa ebazteko batzarrerako deia egin beharko da. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak inputatuari bazkide-eskubideak etetea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.
Batzar Orokorrari kanporatzeko espedientea aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpean egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.
34. artikulua.- Kanporatzeko erabakia arrazoitu egin behar da beti, eta erabaki hori interesdunari jakinarazi behar zaio. Interesdunak, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du bere ustez erabaki legaren edo Estatutuen aurkakoa bada.
35. artikulua.- Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan -berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako- bete gabe dituen betebeharrak bete ditzala eskatuko zaio.
LAUGARREN KAPITULUA
SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUAK
36. artikulua.- Elkartearen hasierako ondarea 0 eurokoa da.
37. artikulua.- Elkarteak, bere jarduerak aurrera eramateko, diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:
a)
Sarrera kuotak.
b)
Erabakitzen diren aldizkako kuotak.
c)
Elkartearen ondasun eta eskubideetatik datozen emaitzak, eta legez jasotzen dituen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak.
d)
Zuzendaritza Batzordeak Estatutuen helburuak lortzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduera zilegietatik datozen diru-sarrerak.
Elkarte-eta ekonomia-ekitaldia urtekoa izango da, eta ekitaldia urte bakoitzeko abenduaren 31an itxiko da.
Elkarteak, jarduera ekonomikoak (zerbitzuak ematea barne) gauzatuz lortzen dituen irabaziak bere helburuak betetzeko baino ez dira erabili beharko. Inola ere ezingo dira elkartekideen artean banatu, ez eta haien ezkontideen edota haiekin antzeko afektibitate-harremanean bizi diren pertsonen artean eta haien senideen artean ere. Ezingo zaizkie, halaber, irabazteko asmoa duten pertsona juridiko edo fisikoei laga.
BOSGARREN KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
38. artikulua.- Estatutuak aldatzea propio horretarako deitutako bazkideen ezohiko batzar orokorrean erabaki behar da. Zuzendaritza Batzordeak, hiru bazkidek osatutako batzorde-txostengile bat izendatuko du, aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera egingo da, eta Batzorde berak jarriko du egitasmoa amaitzeko epea.
39. artikulua.- Aldaketa-egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, lehendakariak Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilkurako gai-zerrendan sartuko du. Zuzendaritza Batzordeak egitasmoa onartuko du edo, bestela, lantaldeari itzuliko dio, berriz aztertu dezan.
Egitasmoa onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak hurrengo batzar orokorreko gai-zerrendan sartzea erabakiko du edo, bestela, horretarako propio batzar orokor baterako deia egitea.
40. artikulua.- Bartzarrerako deiarekin batera, Estatutuetako aldaketen testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa horiek Batzar Orokorrari helaraziko zaizkio, batzarra egin baino zortzi egun lehenago jaso badira Idazkaritzan.
Zuzenketak, banaka nahiz taldeka egin daitezke, idatziz, eta aukerako beste testu bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Orokorrak Estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik aurrera banio ez du eragina izango hirugarrenengan.
SEIGARREN KAPITULUA
ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN ZERTARAKOA
41. artikulua.- Elkartea arrazoi hauengatik desegingo da:
1.
Bazkideek hala nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako ezohiko batzar orokorrean azaldu beharko da.
2.
Estatutuetan finkatutako epea edo baldintza bete delako.
3.
Beste elkarteren baten xurgatu duelako edo beste elkarte batzuekin bat egin duelako.
4.
Legez ezarritako gutxieneko bazkide-kopururik ez duelako.
5.
Epai irmo batek elkartea desegitea egintzen duelako.
6.
Elkartearen helburuak betetzea ezinezkoa delako.
42. artikulua.- Elkartea deseginez gero, erabakia hartu duen ezohiko Batzar Orokorrak Kitapen Batzordea izendatuko du. Batzorde hori Zuzendaritza Batzordeko hiru kidek osatuko dute eta dagoen diruaz arduratuko da.
Bazkideekiko eta besteekiko elkarte-betebeharrak bete ondoren, geratzen den elkarte-ondarea, geratzen bada behintzat, irabazi-asmorik gabeko elkarte bati edo irabazi-asmorik gabeko ekimenen bati eman behar zaio.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek garatzeko asmoz, Batzar Orokorrak barne-araudia onartu ahal izango du, baina horrek inolaz ere ez ditu Estatutuetako aginduak aldatuko.