Haurren Danborrada - Sarrera
SARRERA HISTORIA EGITURA JANTZIAK PARTE HARTZEKO ARAUDIA BATZORDEA
San Sebastian eguna hurbiltzen ari dela eta, hementxe haur danborradaren antolaketarekin loturiko hainbat ohar garrantzitsu:
- HAUR DANBORRADAKO PARTAIDEAK:
Lehen Hezkuntzako 1., 4. eta 5. mailako ikasleek dute danborradan parte hartzeko lehentasuna. Maila hauetako ikasleekin danborrada osatzen ez bada, 3. mailakoei zabalduko zaie aukera. Haur gehiegik izena emango balu berriz, 5.mailako ikasleek izango lukete lehentasuna. Hortaz, kasu horretan, 4. mailako ikasleen artean zozketa egingo litzateke.
Genero berdintasuna sustatzearren eta Donostiako Udalak danborradan ere legea gauzatu dadin emandako irizpideen arabera, orain arte neskek betetzen zituzten postuetan (kantinerak, banderaduna, urketariak) mutilak ere onartuko dira eta mutilak bakarrik betetzen zituzten postuetan (gastadoreak) neskak ere onartuko dira.
1. mailakoen artean, “gastadoreak” (7 neska/mutil) eta “kantinerak” (8 neska/mutil) hautatuko dira. Gastadore eta kantineren kopurua mugatua denez, izena ematen dutenen artean zozketa egingo da. Talde batean edo bestean izena eman ahal izango da, ez bietan.
Banderaduna, horretarako izena eman duten 5. mailako neska-mutilen artean zozketa bidez hautatuko da.
“Urketariz” jantzita joateko lehentasuna 5. mailako neska-mutilek izango dute, eta izena eman dutenen artean zozketa bidez aukeratuko dira. Plaza kopurua izena eman duten haurrena baino handiagoa bada, aukera zabalduko zaie horretarako izena eman duten 4. mailako neska-mutilei. (Kontutan izan “urketari” jantziak gona eta buruko zapia daramala)
Sukaldariz jantzita joateko lehentasuna 5. mailako neska-mutilek izango dute, eta izena eman dutenen artean zozketa bidez aukeratuko dira. Plaza kopurua izena eman duten haurrena baino handiagoa bada, aukera zabalduko zaie horretarako izena eman duten 4. mailako neska-mutilei.
4. eta 5. mailako gainontzeko neska-mutilak, danborrariz jantzita irtengo dira (5. mailakoak barrilak eta 4. mailakoak danborrak). 5. mailakoekin barril jole kopurua betetzen ez bada, zozketa bidez 4. mailako neska-mutil batzuk aukeratuko dira barrila jotzeko. 5. mailakoekin barril jole kopurua gainditzen bada, 5. mailako neska-mutil batzuk zozketa bidez danborra jotzeko aukeratuko dira.
- IZENA EMATEKO EPEA:
Parte hartu nahi duzuenok honekin batera doan “izen-emate orria” azaroaren 1a baino lehen bete beharko duzue. Ondoren Hurrako kortxoan izena eman duzuenen zerrendak jarriko ditugu, haurrak nahi bezala izena emanda daudela ziurtatzeko aukera izan dezazuen. Aldaketak edo akatsak zuzentzeko aukera azaroaren 5a arte izango duzue. Azaroaren 12an zozketa burutuko da Hurrako jangelan.
Aurreko urteetan bezala, zozketa era egokian burutu dela egiaztatzearren, 1., 4. eta 5. mailetako gelako ordezkariak zozketan izango dira.
- ENTSEGUAK:
Entseguak Hurran izango dira: abenduaren 13an eta 16an; eta, urtarrilarean 11n, 14an, 16an eta 18an, arratsaldeko 18:15ean. Urtarrilaren 14an (igandean), berriz, goizeko 10:30ean. Aldaketarik balego entseguen inguruan hurrengo zirukularrean zehaztuko genuke. Urtarrilaren 18ko entseguan helduen danborradakoekin batera joko dugu, eta horregatik entsegua 18:30ean hasiko da eta besteak baino beranduxeago bukatu.
Kantinerek eta gastadoreek, hau da, 1. mailako haurrek, 3 entsegu egingo dituzte bakarrik. Bat lehenengo egunean, hau da, abenduaren 13an eta besteak urtarrilean, zehaztuko ditugu aurrerago.
- KUOTA:
Partaide bakoitzak 22 € ordainduko ditu. Ordainketa non eta nola egin adierazten duen zirkularra aurrerago bidaliko zaizue.
- OHARRAK:
Danborradan parte hartu ahal izateko nahitaezkoa da diru sarrera epe barruan egitea eta entsegu guztietara bertaratzea (1.mailakoak eta banderaduna izan ezik).
Bi baldintza horiek betetzen ez badira, zuen seme-alabak danborradan ez ateratzeko erabakia hartu duela pentsatuko dugu, eta itxaron zerrendan dauden haurrei emango zaie aukera.
Eguraldi gorabeherak kontuan izanik, San Sebastian egunean Udalak haurren danborrada baimentzen badu, ikastolako danborrada aterako da. Euria dela eta, beharrezkoa bada, plastikoak banatuko ditugu.
Gurasoek, danborradan izena eman ondoren, edozein arrazoi dela eta, seme-alaba danborradan ez ateratzeko erabakia hartzen badute, batzordeari lehenbailehen adierazi beharko diote, itxaron zerrendan dauden umeek parte hartzeko aukera izan dezaten.
Haurren danborradari buruzko informazioa (historia, araudia, argazkiak...) ikastolako web orrian aurkitu daiteke.
Gurekin harremanetan jartzeko zuen esku dago ondorengo helbide elektronikoa: haurrendanborrada@zurriolaikastola.eus